XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina gure amak ez zuen inoiz ezetzik onartzen, eta ohe estalkiak lurrera bota eta zaplada bat eman zidan.

- Zuk nik esandakoa egingo duzu, ez dut arloterik nahi etxean.

Gogo txarrez obeditu nion eta amaren atzetik joan nintzen, arnasestuka, aldapan gora, familia osoa kale gorrian utzi gintuen jauntxoaren etxera.

Amak hitz egin zuen nire ordez, eta etxeko, andrearen mirabe geratu nintzen etxe hartan... Mirabe izatea ez da langintza bat, esana egitea da; egizu, beraz, hark agintzen dizun guztia, esan zidan amak.

Eta esan zidan azkenengo gauza hau izan zen: Eta kalera bidaltzen bazaituzte, ez etorri etxera, ezta pentsatu ere, eta han geratu nintzen.

Jauntxoak berrogei bat urte izango zituen.

Gizon handia zen, beltzarana eta oso itxura onekoa, benetan.

Haren emaztea gaztexeagoa zen, eta gazte baten mardultasuna gordetzen zuen artean.

Sekula kolpe santurik jo gabeko emakumea zirudien.

Elkar maite zutela esan zitekeen; begiradatxo gartsuak gurutzatzen zituzten eta inoiz musuka elkar jan beharrean harrapatu nituen, ni agertzen nintzenean ezikusi eginez.

Beste bi zerbitzari zeuden etxean, bikote bat, Luisa eta Antonio.

Ez ziren herrikoak.

Emakumea sukaldaria eta gelazaina zen, eta gizona, berriz, mekanikoa eta lorazaina.

Oso ondo hartu ninduten, eta Luisak nire betekizunak erakutsi zizkidan.

Nire logela txikia zen, baina leiho polita zeukan eta handik apain moztuta ageri zen lorategiko belardia ikus zitekeen.